Arrano elkarteak 40 urte beteko ditu aurten, eta hainbat ekitaldi izango da urteurrena herritarrekin ospatzeko

Arrano elkarteko bazkideek, bertako kultur eskaintzan parte hartzen duten herritarrek, eta urte askoan bertako kide izan diren lagunek agerraldia egin dute gaur Arranon, elkarteak 40 urte beteko dituela gogoratzeko, eta urteurrenaren harira antolatuko diren ekimenak iragartzeko.

Zarauzko Arrano Kabia kultur elkarteak 40 urte beteko ditu aurten. 40 urte hauetan ateak zabalik izan ditu herriko ezkertiar eta abertzale guztientzat, eta herri mugimenduetako eragile ugariren bilgunea eta lanerako aterpea izan da urte hauetan guztietan. Azken batean, balore aurrerakoi eta zehatz batzuk zabaltzeko lanean aritu diren eta ari diren guztien habia da Arrano. Kultura eskaintza zabala du, ikastaro ugari sortu eta eman da bertan, eta milaka herritarren plaza izan da elkartea.


40. urteurrena noizbait Arranoko kide izan diren, Arrano bizi eta gozatu izan duten, eta gaur egun ere Arrano osatzen duen komunitate zabalarekin osatu nahi dugu, gurekin ospakizun honen parte izan nahi duten guztiekin batera. Horretarako, hainbat ekimen izango da urtean zehar, eta larunbat honetan antolatu dugun inauterietako jaiarekin emango diogu hasiera

Zerrenda luzea etorriko da gero atzetik: mus txapelketa, literatura emanaldia, kontzertuak, jardunaldi politikoak, bazkari eta afari herrikoiak, asteroko pintxo-poteak, kantaldiak, auzolan deialdiak, kale ekimenak eta abar.

40 urte hauetan denetik bizi izan dugu Arrano elkartean: pozak eta tristurak, kolpeak eta une hunkigarriak, parrandak eta auzolan orduak, ikuskizun zoragarriak, alor askotariko ekimenak eta harreman ugari sortu eta garatu dira bertan, etxea hainbat belaunaldiren bilgune bihurtuta. Hau guztia gogoratu, ikusarazi eta zabaldu nahi dugu, bidelagun guztiekin batera urteurrena ospatu, eta denen artean Arrano elkartea osatzen, hegan jarri dezagun.

Horretarako, hasteko bi ekimen abiaraziko ditugu: batetik, bere ekarpena egin nahi duen edozein laguni aukera emango diogu ideiak eta proposamenak arrano@arrano.eus posta elektronikora bidaltzeko. Bestetik, 40 urte hauetan Arranon bizitakoak irudien bitartez ere jaso nahi ditugu, eta horretarako argazkiak bildu nahi ditugu. Digitalean arrano@arrano.eus posta elektronikora bidali edota fisikoki Arrano tabernan laga daitezke argazkiak. Azken hauetan jabearen izena eta telefonoa idatzi atzean, eta behin digitalizatu ondoren itzuli egingo zaizkio dagokionari.

40 urte bete dituen etxeari, elkarteari eta bilguneari elkarrekin eman nahi diogu hauspoa aurrerantzean ere. Urteurrena oinarritzat hartuta, bildu, zoriondu, abestu eta hegoak astinduz aske izaten segitzeko asmo guztiarekin.

Urteurrenaren nondik norakoak, arrano.eus webgunean eta sareetan

Arrano elkarteak eta tabernak arrano.eus webgunea abiarazi zuten iaz, udan, eta webgune horretan ezagutaraziko dituzte 40. urteurrenaren inguruko ekimenak. Baita Arranoren sare sozialetako kontuetan ere.

Era berean, 40 urte hauetako historiari ere tarte berezia eman nahi diote elkartekideek urtean zehar, eta izango dira atzera begiratzeko eta egindako bidea gogoratzeko ekimenak ere.

Iragana eta etorkizuna elkartzen asmatu duen topagune garaikidea

Arrano, elkartea ez ezik taberna ere bada. Zehazki, Zarauzko Herriko Taberna da. Betikoa. Gertukoa. Iragana eta etorkizuna elkartzen asmatu duen topagune garaikidea. Zarauzko alde zaharrean kokatuta dago, Musika Plazan, eta belaunaldi askoren bilgune izan ondoren, gaur egun ere taberna baino askoz gehiago da. Kultur ekitaldiei, ikastaroei, hitzaldiei eta ekimen herrikoiei zabalik dagoen bilgunea da urte osoan, eta beso zabalik hartzen ditu gure kultura, sukaldaritza eta herria ezagutzera datozen bisitariak ere.

Elkarrizketa Urola Kostako hitzan: